Historia

Historia

1983. urtean sortua, eskaini dituen kontzertuen kalitateagatik, bere soinu zainduagatik eta programen originaltasunagatik nabarmendu da Hodeiertz abesbatza.
Estatuko eta nazioarteko hainbat lehiaketan lehenengo sariak eskuratu ditu. Horien artean aipagarrienak: Sari Nagusia Varna-ko Nazioarteko Lehiaketan (Bulgaria) 1991n; hirugarren sari bat Gorizia-ko Nazioarteko Lehiaketan (Italia) 2003an; eta 3. saria folklore sailean Nazioarteko Tolosako Abesbatza Lehiaketan 2010.ean, Ordiziako Oroith abesbatzarekin elkarlanean.

Nazioko nahiz nazioarteko hamaika jaialditan parte hartu du, horien artean nabarmenduz Sidneyko Operako Concert Hall salan Koru-Musikaren Munduko IV. Sinposiumaren barruan eskainitako kontzertua; koru-zuzendarien Britainiako Elkartearen Urteko Batzarrean izandako parte-hartzea – London 2001; eta Indiako Gobernuaren gonbidapenari erantzunaz Indiako hiru hiri nagusietan (Mumbai, Delhi eta Bangalore) egindako kontzertu-bira 2003. urtean. Donostiako Musika Hamabostaldi ospetsuan ere hainbat alditan parte hartu izan du.
Diskografiari dagokionean, hauek bereiziko genituzke: Javier Bustoren “Missa Brevis” eta “Missa pro defunctis” ditu grabatuak. Nicolas Bacri musikagile frantsesaren “Ixiltasunaren Ortzadarra” kantata estreinatu eta grabatu zituen Baionako orkestrarekin eta KEA Ahots taldearekin batera. Korurako musika eta jazz musika uztartzen dituen bi CD berritzaileak, Umama! eta Umama II, Larte laukotearekin grabatuak Juantxo Zeberioren moldaketekin.
Hodeiertz abesbatzak eskaini dituen errepertorioak ere ez dira nolanahikoak izan: Thomas Tallis (1505-1585) maisuaren “Spem in alium” 40 ahots mistoetarako obra interpretatu zuen programa polikoral baten barne, Euskadiko Orkestraren egoitzan egin ohi den Maitinées zikloaren barne eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ixteko kontzertuak eskainiz.

Hodeiertz abesbatzak denetariko errepertorioak eskaini izan ditu. Halaber, Oroith abesbatzarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko abesbatzekin elkarlanean aritu izan da hainbat programa elkarrekin landuz.

Azken urteetako ekintzen artean, nabarmentzekoak dira 2014an Parisera eginiko bidaia, bertako Paris 8 Unibertsitateak gonbidatuta, euskal musika tradizionala eta garaikidea ezagutzera emateko asmoz.

Urte horretan bertan Madrilera gonbidatu zuten Tomas Tallis-en “Spem in Alium” (40 ahotsetan) interpretatzeko antzinako musikan aditu onenetako baten zuzendaritzapean, The Tallis Scholars-eko zuzendaria den Peter Phillips.

2016. urtean, La Caixak antolatutako kontzertu parte-hartzailean esku hartzeko gonbita jaso zuen. G. F. Händelen Mesias obra eskaini zuten, Ensemble Matheus orkestra eta Les Éléments koru profesionalarekin batera, Jean-Christophe Spinosi zuzendari frantses ospetsuaren gidaritzapean.

2017. urtea berezia izan zen Hodeiertz abesbatzarentzat, ohiko kontzertuak eskaintzeaz gain, KANTIK izeneko ahots-musika zikloa jarri baitzuen martxan. Zikloari esker, Tolosa eta inguruetan abesbatza eta ahots jardunarekin loturiko 4 kontzertu entzun ahal izan ziren, bertako zein kanpoko taldeen parte-hartzearekin.

2018an, KANTIK zikloaren bigarren edizioa antolatzeaz gain, Valladoliden kontzertua eskaini zuen bertako Alterum Cor abesbatzarekin batera ekainean. Azaroan African Sanctus obra berezia taularatu zuen, 50. Nazioarteko Abesbatzaren Lehiaketa barruan, kontzertu berezi gisa.

 

 

 

 

 

 

 

 

               

               

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies